AURKEZPENA
Urriaren 8tik 16ra, komunikabideetako ordezkari eta ordezkari sozialek osatutako euskal ordezkaritza bat Palestinan izan zen, Bakea eta Duintasuna, Biladi eta Mewando Sareak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lankidetzako Euskal Agentziaren laguntzagaz antolatutako bidaian. Palestinako Lurralde Okupatuetan egon ginen astebetez, eta bertan Giza Eskubideen egoerari buruzko testigantzak jaso genituen eta eremuan bertan palestinarren artean israeldarren okupazioak duen eragina egiaztatu ahal izan genuen. Israelek palestinarren aurka Giza Eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa onartezinak egiten dituela egiaztatu dugu, eta hori euskal gizarteari jakinarazi nahi diogu prentsaurreko honen bidez. Egonaldi labur horretan izan ditugun bisitak, topaketak eta bilerak nahikoak izan dira azken urteotan urraketa horiek murriztu beharrean areagotu egin direla ikusteko, bai kopuruari dagokionez, bai larritasunari dagokionez ere.
LOTSAREN HARRESIA
Israelek palestinarren aurka burutzen dituen Giza Eskubideen urraketa ugarien artean, ikusi ahal izan genuen, Zisjordanian, Israelek hasitako “Apartheidaren Harresia” eraikitzen jarraitzen duela, eta amaitzeko puntuan dagoela. Zisjordania eta Jerusalen Ekialdea inguratzen ditu harresiak, eta palestinarren laborantzarako lurrak eta akuiferoak desjabetzen ditu haren trazadurak.
Jerusalen Ekialdean, harresiak 225.000 lagun inguru banatzen ditu bere hiritik, etxetik eta, azken batean, bizigunetik. 100.000 olibondo baino gehiago, horietako asko milaka urte dituztenak eta UNESCOk Gizateriaren Ondare aitortutakoak, errotik atera eta suntsitu egin dira Harresia egin ahal izateko. Oraingoz Israelek 750 kilometro egin ditu, guztira, azken kalkuluen arabera, 810 kilometro izango dituelarik. Gainera, Harresia 1967tik Gaza eta Zisjordaniako israeldarren legez kontrako okupazioaren testuinguruan ari da eraikitzen, eta hori ere Nazioarteko Zuzenbidearen beste urraketa bat da. Trazaduraren diseinuak Zisjordania barruan eraikitako asentamendu judutarrak biltzen ditu (Nazioarteko Zuzenbidearen arabera, legez kontrakoak), eta de facto Israelgo Estatuaren zati bihurtzen ditu.
Hala, Israelek modu jarraituan Estatuen arteko jokabidea arautzen duten oinarrizko nazioarteko hitzarmen eta arauekiko mespretxua erakutsi du, 1947ko Nazio Batuen Palestina Zatitzeko Planaren urradurarekin hasita, baita 2004ko uztailean Harresia eraikuntza ilegaltzat jo zuen Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiaren erabakia ez betetzearekin ere. Ebazpen horretan, Nazioarteko Justizia Auzitegiak ondorioztatu zuen Israelek Harresiaren eraikuntza gelditu behar zuela, eraitsi eta eragindako palestinarrei kalte-ordaina eman. Hala ere, gaur egun, ordezkaritza honek egiaztatu ahal izan duen moduan, Harresia eraikitzen jarraitzen da, lurrak eta ur-baliabideak lapurtuz eta milaka familia palestinar zatituz eta inkomunikatuz. Bi testigantza hauei esker egiaztatu ahal izan dugu: alde batetik, Shreen Alarey, emakume palestinarra, bere etxea bisitatu genuen, eta Harresiak isolatuta geratzeko arriskua du; eta bestetik, Jamal Jumá-ren testigantza, Stop de Wall kanpainaren koordinatzailearena, eta hark Israelgo Apartheidaren Harresia erakutsi zigularik.
ASENTAMENDUAK / KOLONIAK
Zisjordanian asentamenduen (edo legez kontrako koloniak) etengabeko eraikuntza palestinarrak kanporatzeko eta haien lurrak desjabetzeko Israelen okupazioaren estrategiaren zati bat suposatzen dute. Hala kontatu zigun Yehuda Shaulek, Israelgo armadako ofizial eta “Breaking the Silence” (Isiltasuna hausten) erakundeko kide denak. Estrategia horri esker, gainera, Estatu sionistak palestinarrei baliabide natural beharrezkoenetakoa konfiskatzeko aukera du: ura. Zisjordanian zulatutako 42 putzuetatik ateratako uraren % 80 Israelek konfiskatzen du legez kontrako koloniak hornitzeko. Soberan dutena palestinarrei saltzen die.
Asentamenduak 1967ko 6 eguneko gerraren ondoren hasi ziren eraikitzen. Ordutik, Israelek okupatzen ditu Jerusalen Ekialdea, Gazako lur-zerrenda, Zisjordania, Golango Gainak eta Sinai. Dena den, asentamenduen hazkunde demografiko eta geografikoa modu esponentzialean hazi zen 1993ko Osloko Hitzarmenak sinatu zirenetik. Israelek egoeraz baliatu zen Zisjordaniako, Jerusalen Ekialdeko eta Gazako lur-zerrenda judutartatzeko. Hori dela eta, Sergio Yahnik, Informazio Alternatiboaren Zentroko zuzendariak (AIC), zehaztu zigun israeldarrak kolonietan bizi direla, abantaila fiskalak dituztela eta diru-laguntzak jasotzen dituztela Israelgo Estatuak emanda: zergak ordaindu beharrik ez izatea, etxebizitzak eraikitzeko diru-laguntzak, seme-alabentzako heziketa eta abar. Gainera, kolonoak armadak eta Israelgo poliziak babesten dituzte. Hainbat pribilegio eskaintzen dizkie Funts Nazional Judutarrak eta sionismoaren zerbitzura dauden beste agentzia batzuek herritar kolonoei lurraldea judu bihurtzea bermatu ahal izateko. B’Tselem GKEren arabera, 2009an guztira 124 asentamendu zeuden Zisjordanian, guztira 478.825 herritar kolonorekin (Israelgo Estatuaren guztizko herritarren, hau da, 7.588.400 biztanleren, % 6,31). Zisjordanian dagoen biztanle kolono kopuruaren azken kalkuluen arabera, 530.000 izan litezke.
Palestinako gizartearen garapenean kolonia horiek dituzten ondorioak asko eta oso kaltegarriak dira. Alde batetik, kolonia horiek lotzen dituzten judutarrentzako erabilera esklusiboko errepide-sarea: palestinarrak zatitu eta bereizten dituen apartheid-estrategia berria. Eta beste alde batetik, Palestinan laborantzarako erabil daitezkeen lurren desjabetzea eta ur-baliabideak jabetzan hartzea. Horrek guztiak palestinarren garapen ekonomikoa oztopatzen du. Egoera hori ez zen gertatzen apartheidaren garaiko Hegoafrikan ere.
Lurralde Okupatuko eraikuntza horiek nazioarteko hainbat legedi urratzen dituzte, esaterako, Genevako IV. Konbentzioa (47. artikulua, espresuki debekatzen du indarraren erabileraz lurrak anexionatzea). Bestalde, Nazioarteko Justizia Gorteak ebatzi zuen “lurralde okupatuetako asentamendu israeldarrak, Jerusalen Ekialdea barne, legez kontrakoak zirela eta garapen ekonomiko eta sozialerako eta bakerako oztopoa zirela”.
Hala ere, bidaian bertatik bertara egiaztatu ahal izan dugunaren arabera, Israelek lurralde osoa anexionatzeko estrategiarekin jarraitzen du, asentamendu berriak iragarri baititu. Adibidez, Jerusalen Eraikitzeko eta Planeamendurako Eskualde Batzordeak joan den irailaren 29an, asteartean, jakinarazi zuen Gilo asentamenduan, Jerusalen Ekialdean, 1.100 etxebizitza eraikitzeko plana onartu zuela. Mahmoud Abbasek Nazio Batuen Batzar Orokorrean Palestina eskubide osoko Estatu kide gisa onartzeko eskatuz egindako diskurtsoaren atzetik 48 ordu eskasera egin zuten iragarpen hori. Israelgo ekintzek zigorrik gabe geratzen dela sentitzen duen Estatu bat erakusten digute, behin eta berriz Giza Eskubideak urratuta, bereizketa eginda eta palestinarrei eskubideak ukatuta ere.
JERUSALEM EKIALDEA
1947an, Nazio Batuek Banaketa Plana (Res. 181) onartu zuten; bertan, Palestina arabiar eta judutar estatu batean bereiztea gomendatzen zen. “Jerusalen hiria (Belenera arte zabalduta) corpus separatum gisa ezarrita geratuko litzateke Nazio Batuek zuzendutako nazioarteko erregimen berezi baten mende”. Plan hori inoiz ez zen gauzatu.
1967ko ekaineko gerran Israelek Gazako lur-zerrenda eta Zisjordania okupatu zituen, Jerusalen Ekialdea barne. Ordutik aurrera, Israelek Jerusalen-ekiko dituen helburuek eta politikek oso eredu argia izan dute: Hirian atzeraezinak diren gertaerak aurrera eramatea, Jerusalenen gaineko kontrol esklusiboa finkatzea ahalbidetuko dutenak.
“Health Work Committees”eko (Osasun Batzordeak) Mahmoud Yedda-rekin egiaztatu ahal izan dugun moduan, “Jerusalen judu bihurtzearen” Israelgo estrategiak Hiri Zaharraren, horren ingurumariaren eta inguruen kolonizazioari jarraitzen dio, baita judutar auzoen eraikuntzari ere, errepide bidezko komunikazio berriekin. Raed Hamadeh osasun batzordeetako kidearen eta gurekin bildutako partaidearen arabera, “Jerusalen hiri itxia da, tristea”. Erakundeen bidez, palestinarrak dira herritarren oinarrizko beharrak estaltzen saiatzen direnak; izan ere, Palestinako Agintaritza Nazionalak (PAN) ez du bere hiriburu izan beharko lukeenaren gaineko inolako eskumenik.
B’Tselem GKEren arabera, 2009an, Jerusalenek 773.000 biztanle zituen: 497.000 judutarrak eta beste batzuk ziren, % 64; eta 276.000 palestinarrak ziren, gainerako % 36a. Egoiliarren % 60 inguru 1967an anexionatu zuten lurrean bizi dira (horien artetik % 40 judutarrak dira, eta % 60, palestinarrak). Israelek hainbat metodo erabili ditu hiria judu bihurtzeko, herriaren kontrol demografikoaren bidez:
- Jerusalem Ekialdea gainerako Zisjordaniatik fisikoki bereiztea, neurri batean apartheidaren Harresia eraikitzeagatik;
- Lurrak desjabetuz, planifikazioaren eta eraikuntzaren eta etxeak eraistearen bidez palestinarrak banatzea;
- Atzerrian gutxienez zazpi urte ematen duten edo bizitza-zentroa Jerusalem dutela egiaztatzeko gai ez diren palestinarren laguntza sozialak eta egoitza ezeztatzea.
- Arabiar kaleetarako oinarrizko zerbitzuak eskaintzeari dagokionez, bidezkoa ez den banaketa egitea, hau da, kaleak garbitzea, mantentzea eta hiri-ekipamendua, besteak beste.
ONDORIOAK
Prentsaurrekoa amaitu aurretik aipatu nahi ditugu presoei babesa emateko ADDAMER elkarte palestinarraren arabera, 5.374 preso palestinar Israelgo kartzeletan daudela, eta horietatik 700 (iturri palestinarren arabera) Israelgo kartzeletan duten egoera dela eta protesta egiteko gose-greba egiten ari direla; izan ere, behin eta berriz urratzen zaizkie Giza Eskubideak, besteak beste Genevako IV Konbenioari dagozkionak, lurralde okupatuko presoek lurralde okupatu horretako kartzeletan egon beharko luketela zehazten baitu.
Amaitzeko, okupazioaren aurka palestinarrek egindako erresistentzia nekaezina nabarmendu nahiko genuke. Bidaian ikusi ahal izan dugunaren arabera, indarkeriarik gabeko erresistentzia da, mugimendu sozial eta herri-batzordeen bidez egiten dena, beren eskubideen alde eta Nazioarteko Komunitateak Israeli nazioarteko legea betearaz diezaion.
Hori guztia dela eta, guk ere bat egiten dugu borroka baketsu horrekin. Borroka horren oinarria, 2005etik, Boikot-kanpaina da, desinbertsioak eta Israelgo Estatuari jarritako isunak, batez ere. Apartheid garaian Hegoafrikan hasitako kanpaina inspirazio-iturri hartu duen kanpaina da, eta hainbat erakundek, sindikatuk, alderdik eta mugimendu sozial palestinarrek egin eta babestu dute, betiere, nazioarteko legeak betetzeko Israeli presioa egiteko asmorekin. Azken batean, Israelek ezarritako Apartheid-sistema amaitzeko palestinarren eskubideen aldeko kanpaina da.
Era berean, emakume palestinarrek okupazio kolonialaren aurrean egiten duten erresistentzia berreskuratu eta argitara eman behar dugu. Askotan bigarren mailan kokatuak, emakumeak eta beraien eskubideen aldarrikapenak, askapen prozesuan diharduen herri baten oinarrietariko batzu bilakatzen dira. Emakume eta gizonek eskubide berdinak izateko borrokak nazio berria eraiki eta elikatzeko balio du eta baita ere hain esperoak diren egiturazko aldaketetarako. Horretan dihardute Palestinako hainbat emakume talde eta artikulazio feminista. Hala nola, bidai honetan ezagututako UPWC (Palestinako Emakume Komiteen Batasuna), WCLAC (The Women´s Centre for Legal Aid and Counselling), WATC (Emakumearen Gaietarako Batzorde teknikoa). Beraientzat eta emakume palestinar guztientzat ere gure errekonozimendu osoa.
Euskal gizarteari dei egiten diogu egingo diren ekintza eta jarduera guztietan parte har dezan, banaka zein modu kolektiboan, palestinarrekin elkartasunez, Israelek nazioarteko betebeharrak bete arte eta bertako Giza Eskubideak errespetatu arte.
Era berean, Espainiako Estatuko Gobernuari eskatzen diogu palestinarren eskaerak kontuan har ditzan, besteak beste: errefuxiatuak itzultzeko eskubidea, Jerusalem Ekialdea hiriburu gisa onartzea Palestina Estatuan, okupazioaren amaiera eta legez kontrako koloniak kentzea. Eta azkenik, Gazako lur-zerrendaren blokeoari amaiera emateko Israelgo Estatuaren aurkako nazioarte mailako presioa eskatzen dugu.
ESKERRIK ASKO, SUKRAN


